XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JESUSEN IRAKASPENA
1. Gure lehenengo gurasoak.

Jainkoak gure lehenengo gurasoak, Adan eta Eba, sortu ebazan eta Lurreko Paradisuan ipini ebazan, han zoriontsu izateko.

Eta dohai honeek emon eutsezan.

Adimenari dagokionez: zientziaren dohaina eta jakituria.

Borondateari dagokionez: on egiteko joerea.

Gorputzari dagokionez: lanaren neke, oinaze eta heriotzatik gordeko ebezan beste dohai batzuk emon eutsezan.

Eta ez dohaiak emon bakarrik, zerbait hobea ere emon eutsen: grazia.

Honen bitartez egiten ebazan Jainkoaren semealaba eta zeruaren oinordeko.

Hareen egoerea eta etorkizuna ezin eitekezan hobeak izan.

2. Maitasunaren eta zintzotasunaren froga.

Jainkoak gure lehenengo gurasoak askeak egin ebazan: zintzoak izateko, edo bere aurka jokatzeko.

Hareen maitasuna eta zintzotasuna norainokoa dan jakitearren, Egileak agindu bat emon eutsen.

Honela dino Bibliako lehenengo liburuak: Jainko Jaunak gizona hartu, eta Eden-go baratzean ipini eban, landu eta zaindu eian.

Eta Jainko Jaunak agindu hau emon eutsan gizonari: - Baratzeko zuhaitz guztietatik jan zeinke; baina on-gaiztakeriaren jakituri-zuhaitzetik ez; jaten dozun egunean hil egingo zara (Gn 2,15-17).